Foru Aldundiko Kultura eta Turismo Departamentuak sustatuta, Ficobarekin eta Garapen eskualdeetako garapen agentzien elkartearekin lankidetzan, otsailaren 26an eta 27an egin zen Turislan turismoko enpleguaren azoka; 2.619 bisitari bertaratu ziren, 180 kontratu itxi ziren, eta 2.014 curriculum inguru entregatu.
Turismoko zuzendari Maite Cruzado pozik agertu da bigarren azoka honetan lortutako emaitzengatik eta sektoreak zein lan bila dabilen jendeak emandako erantzunagatik. «Edizio hau oso ona izan da, benetan positiboa eta pozgarria, adierazle guztiek lehenengo ediziokoak gainditu baitituzte. Bestalde, erakusmahaietako parte-hartzaileen balorazioak altuak dira; izan ere, Ficoban egon ziren 65 erakusmahaien % 86k parte hartuko luke hurrengo edizioetan. Beraz, azoka egonkortu bati buruz ari gara. Argi utzi du sektorean horrelako azoka baten beharra zegoela, helburutzat izango zituena kalitatezko enplegu profesionala sortzea eta sektorea profesionalizatzea, eta, horrela, helmugaren kalitatea hobetzea», adierazi du.
Azokan 65 erakusketari izan ziren, Gipuzkoakoak gehienak. Sektoreka, honelakoa izan zen sailkapena: hotelak eta ostatuak (% 21-32), agentziak eta DMCak (% 10-15), zerbitzu enpresa osagarriak (% 7-11), baliabide turistikoak eta ekitaldiak (% 7-11), marketina eta kudeaketa (% 5-8) eta ostalaritza eta merkataritza (% 5-8). Enpleguaren eta prestakuntzaren sektorea ere ordezkatuta egon zen azokan (% 10-15).
Lurraldeka, Gipuzkoan egin ziren kontratuen % 67; Hendaian, % 20; Nafarroan, % 9, eta beste leku batzuetan %4.
Erakusketarien % 88k ondo edo oso ondo baloratu dute azoka oro har (kokapena, data, iraupena, programa…), eta % 86k adierazi dute hurrengo edizioetan parte hartzeko prest daudela. Erakusketarien % 40k joan zen urtean ere parte hartu zuten, eta % 80k Turislanen ezagututako norbait kontratatu du.
Bi edizioen arteko aldea nabarmena izan da ia parametro guztietan. Datak aurreratu, eta askoz ere azalera handiagoko eremu batera aldatu bada ere, azokak argi erakutsi du lehen edizioan susmatu zen hazteko potentziala izan baduela.